XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

10 Selandria egyptica

KUTXATXOA landetxetik atera nahi ez zutenez, hiru adiskideak udako gelan biltzen ziren, egunean behin gutxienez, eskutitzak elkarrekin irakurtzeko.

Aldi bakoitzean kutxatxoa bere lekuan uzten zuten arreta handiz, eta zoruko ohola jartzen zuten haren gainean.

Eskutitz asko zirenez gero, denbora dexente eman zuten gutun guztiak irakurri arte.

Metodikoki jokatu nahi zuten.

Mila puskatako puzzle bat aurkitu balute bezala.

Piezak kokatzen hasita, beti beldurra izaten da garrantzizko baten bat faltan izango ote den.

Nork bere zatiak bilatzen zituen: Jonasek, estatuari zegozkionak; Davidek, Andreasen ideien ingurukoak; Annikak, pertsonei buruzkoak.

Annikak lema hartu eta lana antolatu zuen.

Zoriontsu zebilen.

Baina batzuetan kezka izaten zuen nora eramango ote zituen kontu hark guztiak.

- Ez nago arduraturik esan zien, baina batzuetan irudipena daukat ez dugula geuk erabakitzen, norbaitek gidatzen gaituela.

- Botere ikustezin batek bultzatuko bagintu bezala baietsi zuen Davidek.

- Horixe bera esan zuen Jonasek misterio ahotsez.

- Urratsez urrats gidaturik, kutxatxoa aurkitu arte!

- Patuak behartuta!

Kutxatxoak bi gutun-sail gordetzen zituen: batean, Andreasenak zeuden; bestean, Magdalenak Emilieri idatzitakoak.

Lana banatu zuten: Davidek Andreasen gutun bat irakurtzen zuen eta, gero, Annikak Magdalenaren beste bat.

Jonasek, bien bitartean, guztia grabatzen zuen.

Etxera itzultzean, Annikak makinaz pasatzen zuen grabatutako testua.

Aldi berean, landareak zaintzen zituzten, eta David xake-jokoan aritzen zen Julia Jason Andeliusekin, aldiro deitzen zuen eta.

Orokorrean, ez zen zaila landareak zaintzea.

Baina selandriak, Daviden landareak, eurek deitzen zioten bezala, ume mimatu baten gisan jokatzen zuen.

David ez beste inor zaintzen saiatuz gero, ximeltzen hasten zen eta triste ematen zuen.

Egun batean, azkenean jakin zuten nondik etorria zen landarea.

Andreasen eskutitz batek azaltzen zuen: